usain txarra

ITSASU 2014.10.25

Joan den asteazkenean (urriaren 15ean) herriko etxeko hirigintzaz arduratzen den taldea bildu zen, Ordokia Beltxa deitu eremuan eraikuntza lanak jadanik hasiak zirela, delako « DIA » edo euskaraz, besterentzeko xede deklarapena eztabaidatzeko.

Deklarapen hau, legeak du lur eremu baten saltzailea behartzen egitera, kasu huntan, Larramendy jaunak ontasuna saltzen baitu promotorearen zozietateari , herriko etxea horren jakinean ezarria da.

Itsasuko herriak badu epe bat tratuaren hausteko eta bera erosle ateratzeko, legeak lehentasun hori emaiten baitio.

Bainan, Gamoy jaunak, baitzakien aintzineko biltzar batzuetan jendeak –bere zerrendako batzu barne- lotizamendu berrien kontrako ikusmoldeak agertu zituztela, bere indar guziak egin ditu lur horren saltzea ez trabatzeko. Hor agertu du bere jokamolde ustela : arrunt promotoreen alde, deklaratuz ezin duela herriak hori orai erosi, legez berantegi dela eta damu domaiak behar lituzkela herriak pagatu hasiak diren obreen gatik eta beste hainbat gezur borobil…Joan den Agorrilean, jadanik herriko etxeak ukan zuen lehenbiziko DIA baten berri…eta orduan Herria Bai-ko hautetsiek galdegin zuten herriak eros zezan lur eremua. Handik berehala, saltzaileak, bere saltze xedea ezeztatu zuen…

Bi hilabete berantago, lur berdintze lanak hasiak dituztelarik (baimenik gabe eta kontratuak trenkatu gabe) horra berriz delako DIA mahai gainean : Herria bai-ko biak eta Itsasurentzat zerrendako biak agertu dira kontra. Bertze guziak auzapezaren gibelean lerrokatu dira, berriz ere Alamantarren kolaborazaile, herriaren alde borrokatu gabe.

Biltzar hortan, bazterrak nahasteko, Gamoy jaunak atera du Balaki trinketaren afera : baizik eta herriak ezin duela sosik xahutu Ordokia Beltxa erosteko, Balaki behar duela erosi. Iduriz, Neys jaunarekin hitzartua zen aspaldixkoan trinketa zaharra herriak erosteko eta jadanik « Domaines » aministrazio zerbitzueri galdegina zion trinketa eta bere inguruko eremuaren balioa estimatzea. Berak erran duenaren arabera, zenbatetan estimatua izan den, ez du jendeari publikoki jakinarazi nahi…eta Neys-ek bi aldiz gehiago eskatzen !

Berriz ere agerian gelditzen da gure jaunttoaren jukutria eta handimandi horien lauzkatzen duen bermea. Zer zor dio Itsasuko herriak gizon aberats puxant eta zikoitz horri ?

Itasuar gehienek ezagutzen dute horren ixtorioa : nola sartu zen herriko etxean Iharour auzapezaren zerrendan, hirigintzako arduradun, bere aitaren ganik ukan aintziartia etxalde ederra dena etxe lur saltzeko. Orduan asmatu zuten Iharour eta betiko partzuerrekin Plaza Berri proiektu handia. Orduan zuten herriko etxea plazatik lekuz aldatu eta herria osoki kanbiatu. Lotizamenduaren baimenak eskuratu orduko Neys, ez zen gehiago agertu ere herriko kontseiluetara eta azkenean bere kargua utzi zuen : horra zer gizon den Neys jauna !

Geroztik prensan segitu ditugu bere abenturak : kantonaletan hautagai Modem etiketarekin, pilota munduan kubatarraren nagusi gisa, baionako rugbi taldearen ustezko salbatzaile, eta azkenean, nunbaitetik, Baionan UMP zerrendan hautetsi sartu !

Gamoy bere esku makilaren arabera, administrazioneak estimatu balioaren %175 adosteko punduan liteke gure nagusi ona.

Pilotaren aitzakian, berriz ere ederki baliatuko da Itsasuko herriaz, zaharkitua duen jostailua biziki kario salduz. Duela berrogei ta hamar urte, Herriko gazteriaren izenean diru laguntzak galdeginik eraiki zen trinketa, geroztik hor dirau : pribatua, herriko bestetan ere aparte, herriko pilotariak kanpo.

Bai pilotak merezi duela trinketa berreskuratzea, bainan ez edozoin preziotan, Neys jaunak badu aski ebatsirik gure bazterretan.

Gamoy jaunak hobe luke bere adixkidetarik urruntzea ez badu diru usain txarrik nahi bere saltsetan.

www.itsasuherriabai.com


Articles récents
No tags yet.
  • Facebook Classic
  • Twitter Classic
  • Google Classic